Berrikuntza Teknologikoaren Gestio Integralerako garapen eredu propioa.
Fabrikazio aurreraturako konposite jasangarrien belaunaldi berria
Konpositeak material konplexuak dira. Errefortzua, erretxina eta gehigarriak ezin konta ahala formaz konbina daitezke, aplikazio espezifiko baterako behar diren propietateen konbinazio optimoa emateko. Bestalde, prozesamendu teknika desberdin asko daude eskuragarri materialak pieza bihurtzeko. Horrek esan nahi du konposite jasangarriak garatzeko beharrezkoa dela garapenari ikuspuntu desberdinetatik heltzea:
- Hasierako lehengaiak, bukaerako piezan beharrezkoak diren prestazio fisiko eta mekanikoak lortzeko ezaugarri egokiak dituztenak, jasangarriak direnak eta, ahal bada, birziklagarriak.
- Prozesatze teknologia aurreratuak eta eraginkorrak.
- Konpositea birziklatzeko eta birziklatzean lortutako materialak (zuntza edota erretxinak) berrerabiltzeko teknologiak.
Gainera, kategoria horretakoak diren "material aurreratuak" eta konposite polimerikoak berrikuntzaren oinarria dira industria ugaritan, hala nola, garraioan, elikaduran, kontsumo ondasunetan, elektronikan, energian, osasunean, eraikuntzan, informatikan, telekomunikazioetan, bai eta hondakinen kudeaketan eta birziklapenean ere, industria horiek eta beste batzuk elkarrekin erlazionatzea ahalbidetuta, hazkunde jasangarria lortzeko. Ekonomia zirkular batera igarotzeko testuinguru ekonomiko batean, funtsezko erronkak agertzen dira, hala nola baliabide biologikoen erabilera eta materialen birziklapen jasangarria, materialen berrikuntzatik harago doazenak eta prozesu aurreratuekin eta teknologia digitalek eskain ditzaketen aukerekin sinergia integratzen dutenak.
AVANSITE elkarlaneko ikerketa zientifikoko proiektu bat da, eta gizartearen eta industriaren beharrei erantzunez garatzen ditu konposite jasangarri eta birziklagarri berriak. Gizartea gero eta kezkatuago dago emisioak eta hondakinak murriztearekin, substantzia kutsatzaileak jasangarriak diren beste batzuekin ordezkatzearekin, hondakinak eta azpiproduktuak balio erantsi handiko produktu berri bihurtu eta berriz erabiltzearekin, jatorri naturaleko materialak erabiltzearekin, material eta produktu birziklagarriak erabiltzearekin eta lehengaiak eta energia arduraz eta modu eraginkorrean kontsumitzearekin, eta horietan aurrera egitea gero eta gehiago arduratzen zaio. Industriak fabrikazio kostuak murrizten lagunduko duten materialak behar ditu, fabrikazio denborak eta energia kontsumoa murriztuko dituztenak, funtzio anitzeko produktuak lortzea ahalbidetuko dutenak eta teknologia automatizagarri eta digitalizagarriekin eraldatuko direnak. AVANSITE proiektuak, elkarlaneko ezagutza sortuz, trantsizio horretan lagundu nahi du, eta material aurreratuen arloko konposite polimerikoen familian arreta jartzen du.
AVANSITE proiektuak duen erronka nagusia da ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzea material eta konposite polimerikoen esparruan, ekonomia zirkularrerantz aurrera egiteko. Horretarako, produktu funtzionalak fabrikazio teknologia aurreratuekin lortzeko diseinatutako material berrien garapenari heltzen dio, prozesuak automatizatzea eta baliabideak eraginkortasunez kontsumitzea ahalbidetzeko.
Era berean, proiektuaren helburua da zirkulartasunerako diseinuaren kontzeptupean garatutako konposite polimeriko funtzionalek dituzten erronketako batzuk ebaztea, honako funtzionalitate hauek kontuan hartuta: bakterizida, suarekiko portaera eta konpositeen ontze- eta berotze prozesuen optimizazioa.
AVANSITE proiektuak honako lan eremuetan izango ditu emaitzak:
1. Erretxinak:
- Ontze prozesuaren eta suaren aurkako erretxina biobasatuen UV erradiazioaren transmisioaren optimizazioa, UV ontze bidezko pultrusio prozesuan erabiltzeko.
2. Indargarriak:
- Ehun funtzionalak ijezteko prozesuaren metodologia eta ezaugarriak definitzea.
- Beira eta karbono birziklatuzko ehun jarraituen Ignifugazioa, suaren aurkako eko-aurreinpregnatuetan aplikatzeko.
3. Fabrikazio aurreraturako konposite jasangarri berriak:
- Zuntz indargarri jarraituen aurreformak lortzeko metodologia definitzea, pieza lirainak fabrikatzeko erabil daitezen.
- Aurreinpregnatuak eta pultrusioko profil inpregnatuak eta UV ontzekoak lantzeko formulazioak garatzea.
- Itsasgarriak eta loturak indukzio bidez ontzea aztertzea.