Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
IK4-IDEKO Zentro Teknologikoak, Fabrikazio Aurreratuan erreferente denak, bere langileen gaitasun zientifiko eta teknologikoen aldeko apustua egiten jarraitzen du eta ikertzaileen zerrendari doktore berri bat erantsi dio berriki.
Zentro elgoibartarraren Dinamika eta Kontrola lerroan ikertzaile den Alex Iglesiasek doktoretza jaso zuen pasa den otsailaren 4an Gironako Unibertsitatearen eskutik, Fabrikazio aurreratuan dauden teknika berrien testuinguruan kokatzen den tesiaren irakurketa egin ondoren. Metodo berriak proposatzen ditu fresatze prozesuetan egiten diren iragarpenak hobetzeko eta sortzen den chatterra ezabatzeko.
Aipamen akademiko honekin, IK4-IDEKOn 25 dira langileen artean dauden doktoreak eta profil bikaina duten langileak erakundean txertatzen jarraitzen du, Zientzia, Teknologia eta Ikerketaren euskal sarea osatzen duten zentroak birkalifikatzeko prozesuan Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen eskakizunekin bat etorriz.
Fabrikazio aurreratuan zentro teknologiko espezializatu gisa, IK4-IDEKOren gaitasunak sustatzeko helburu gakoa da maila altuko ikertzaileak erakundera gehitzea, puntako teknologiak gune industrialetara transferitzean oinarritzen den fabrikazio paradigma berriaren baitan.
Iglesias doktoreak aurkeztutako ikerketa-lanak, “Milling Stability Improvement Trough Novel Prediction and Supression Techniques” izenarekin aurkeztua izan denak, fresatze prozesuetan gaur egun dauden egonkortasun modeloetan hobekuntzak planteatzen ditu eta esperimentazio teknika berritzaileak proposatzen ditu prozesu horretan dauden makinen dinamikaren karakterizazio zehatzagoa egiteko.
Gainera, adituak chatterra ezabatzeko hiru soluzio osagarri berritzaile ere aurkeztu ditu: ekipoak berak dituen eragintza-sistemekin, ebaketa parametroen aldaketa automatikoaren bidez, moteltze aktibo auto-sintonizagarrien bidez eta moteltze aktiboaren bidez.
Makina-erreminta arloko ekoizleen erronka teknologikoei erantzuteko asmoarekin sortu zen IK4-IDEKO 1986an eta gaur egun 100 ikertzaile biltzen dira bertan, industriak dituen beharrei soluzio teknologikoak diseinatzeko eta garatzeko.
Zentro teknologikoak zazpi ikerketa lerro desberdinetan dihardu: Berrikuntza Estrategikoa, Mekanizazioa eta Produkzio Sistemak, Dinamika eta Kontrola, Software Adimenduna, Fabrikazio Prozesuak, Ikuskaritza eta Neurketa eta azkenik, Diseinua eta Doitasun Ingeniaritza.