Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
Apirilaren 25etik 27ra bitartean, aeronautika- eta trenbide-sektoreetarako piezen fabrikazio automatizatua optimizatzeko material konposatuetan egindako azken aurrerapenak erakutsiko ditu zentro teknologikoak, Parisko JEC World 2023 azokan.
Zehazki, IDEKOk karbono-zuntzezko pieza bat eta beira-zuntzezko beste bat erakutsiko ditu, prozesu automatizatu, jasangarri eta eraginkorren bidez garatuak. Horien bidez, kalitatea hobetzea, ibilgailuen pisua murriztea eta garraioak ingurumenean duen eragina arintzea lortzen da.
JEC World material konposatuei eskainitako nazioarteko azoka nagusiak 1.200 erakusketa baino gehiago eta 36.000 bisita profesional baino gehiago hartuko ditu aurten.
Planetarekiko errespetuzko garraio iraunkorragoa lortzea da industriaren helburu nagusietako bat. Misio horretan, konpositeen ikerketak eta garapenak funtsezko zeregina dute sektore estrategikoentzat, hala nola aeronautikarentzat eta trenbide industriarentzat, atmosferara isurtzen diren CO2 emisioak kostu lehiakor batera murrizten laguntzen baitute.
Material konposatu horiek erresistentzia handia dute trakzioaren, konpresioaren edo talkaren aurrean. Gainera, beste propietate batzuen artean, arintasunagatik nabarmentzen dira. Ezaugarri horri esker, konpositeak aliatu handiak dira garraio- eta mugikortasun-eremu iraunkorretan irtenbideak garatzeko, eta ibilgailu ‘berdeagoak’ garatzeko aukera ematen dute.
Agertoki horretan, IDEKO zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, material konposatu horiek fabrikatzeko prozesuak ikertzen, diseinatzen eta garatzen erreferente denak, parte-hartze nabarmena izango du JEC World 2023n, Parisen apirilaren 25etik 27ra egingo den konpositeen Europako azoka nagusian.
Espainiako Material Konposatuen Elkarteak (AEMAC) antolatutako Espainia IV. Pabiloiko Hall 6 G86an dagoen standean, konpositeen alorreko azken berrikuntza teknologikoak aurkeztuko ditu. Zehazki, bi pieza erakutsiko ditu, bata karbono-zuntzez egina eta bestea beira-zuntzez egina.
Lehena,karbono-zuntzezko pieza bat da, eta bere stand-ean egongo da ikusgai. ADMPⓇ teknologiaren bidez fabrikatua da aeronautika-sektorerako fabrikazio-prozesua optimizatzeko.
Bigarrena, berriz, “Mobility Planet”-en, Espainia IV. Pabilioiaren ondoan, erakutsiko den berrikuntza da, eta tren-sektorerako piezen fabrikazio automatizatuko prozesuak hobetzea du helburu. Beira-zuntzezko pieza bat da, eta ontze ultramoreko aurreinpregnatuetan (UV) oinarritutako prozesu azkar baten bidez egin da.
Prozesu horiek onura handiak ekartzen dizkiote industriari. IDEKOko Fabrikazio Prozesuak ikerketa-taldeko Javier Vallejo ikerlariak dioenez, "UV ontze-teknologia hori integratzeari esker, osagaiei kalitate eta homogeneotasun handiagoa ematen zaie, eta fabrikazio-kostuak eta -denborak %30 eta %60 inguru murrizten dira, hurrenez hurren”.
Prozesu berri horiek osatzeko, doitasun handiko mekanizazio eta muntaia robotizatuko soluzioak eta 3D ikusmen sistemak erabiltzen dira, era guztietako osagai eta erreminten jarraipena, neurketa eta ikuskapena egiteko.
Bi piezen fabrikazioa prozesu automatizatu jasangarri eta eraginkorren bidez garatu da. Prozesu horien bidez, materialen kalitatea hobetzea, ibilgailuen pisua murriztea eta garraioak ingurumenean duen eragina arintzea lortzen da.
Teknologia horiek, oso digitalizatuak eta adimen artifizialean oinarrituak, eskuzko prozesu konplexuak ezabatzea eta diseinuari eta materialei dagokienez kostu handiko finkatzeak ezabatzea dakarte.
Material arinagoak eta prestazio hobeak dituztenak
IDEKOk hamar urtetik gorako esperientzia du material horiek ikertzen, eta erreferente bihurtu da fabrikazio automatizatuko prozesu berrien garapenean, ekipoen fabrikazioan, sentsorizazioan eta monitorizazioan, baita erretxina berrien sintesian eta formulazioan.
Zentroa karbonozko ehun multiaxialetan oinarritutako prozesu aurreratuetan aditua da, batez ere NCFetan (Non-Crimped Fabrics), hala nola ehun lehorren aurreformatu-prozesuetan, erretxina formatu likidoan infiltratuz.
Prozesu horiek abantaila handiak eskaintzen dituzte kostuak eta ingurumen-inpaktua aurrezteko, ez baitute autoklabea ez materiala hoztu beharrik. Gainera, oinarrizko aurreformetatik abiatuta egitura konplexuen integrazioa errazten du, pisua murriztea eta industriarako prestazio mekanikoak hobetzea lortuz.
Esparru horretan ikertzen, berritzen eta irtenbideak garatzen jarraitzeko, IDEKOk laborategi bat du Elgoibarko instalazioetan, material konposatuzko piezak fabrikatzeko prozesuak aztertzeko eta hobetzeko. Eran berean, gaitasun handiko ADMPⓇ laminazio automatikoko zelula bat du Itziarko instalazioetan, eta horrek aukera tekniko eta negozio-eredu berriak irekitzen ditu, prozesu horiek aeronautika-sektorerako tamaina handiko piezetan probatzeko aukera ematen baitu.
JEC World 2023ri buruz
JEC World material konposatuei, haien fabrikazio-teknologiei eta aplikazio-merkatuei buruzko nazioarteko azoka nagusia da. Urtero, iraunkortasunarekin eta material konposatuen soluzioen garapenarekin lotutako hainbat erronka lantzen dituzten milaka profesional biltzen ditu.
Aurten 1.200 erakusketari eta 36.000 bisita baino gehiago izatea espero da. Horretarako, hitzaldiak eta eztabaidak antolatuko dira adituekin, batez ere industriaren eta aplikazio-sektoreen jasangarritasuna eta funtsezko erronkak ardatz hartuta.
JEC World-ek aukera ematen du konpositeen balio-kate osoari buruzko alderdietan inspirazioa aurkitzeko eta bazkide komertzialekin loturak sortzeko edo indartzeko.