ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

IDEKOk LEVEL-UP proiektu europarraren emaitzak aurkeztu ditu Milanen

IDEKOk LEVEL-UP proiektu europarraren emaitzak aurkeztu ditu Milanen
IDEKO zentro teknologikoak martxoaren 12tik 13ra Milanen egin den World ReManufacturing Summit foroan izan da aste honetan, LEVEL-UP proiektu europarraren emaitzak aurkezteko. Proiektu horren helburua da industria-ekipoen bizitza erabilgarria luzatzea fabrikazioan ekonomia zirkularreko printzipioak ezarriz.


Zehazki, Itziar Rikondo Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) saileko ikertzaileak lau urteko ikerketan lortutako emaitzak azaldu ditu. Bere hitzaldian nabarmendu duenez, ekimenaren esparruan plataforma eskalagarri bat garatu da, hainbat ingurune eta industria-premiatara egokitu daitekeena.

Soluzio horri esker, prozesu industrialak digitalizatzeaz gain, tresna aurreratuak aplikatzen dira zenbait zereginetarako, hala nola diagnostikorako, ekipoen mantentze-lan prediktiborako eta makinen proba zehatzak egiteko, makinen funtzionamendua eta egungo egoera ulertzeko. Gainera, in situ konpontzeko teknologiak eskaintzen ditu, baita ekipo fisikoen irudikapen birtual zehatzak egiteko aukera ere, biki birtualen bidez.



Zazpi pilotu industrial

LEVEL-UP proiektuaren ikerketan lortutako emaitzak zazpi industria-piloturen bidez baliozkotu dira; besteak beste, Lucchini enpresa italiarrarena.

Erakusle horretan, IDEKOk, makina-erremintako Danobat enpresarekin lankidetzan, digitalizaziorako, mantentze-lan prediktiborako eta prozesuak hobetzeko teknologiak ezarri ditu Lucchiniren trenbide-ardatzak fabrikatzeko linean.


Horrekin batera, Estampaciones Mayor-en pilotuan, partzuergoko zenbait kidek, prentsak monitorizatzeko teknologiak garatu eta abian jarri zituzten, akatsak detektatzeko, baita makinaren osagaiak konpontzeko teknologiak ere. Konponketaren arloan, in situ konpontzeko zelula eramangarri bat garatu zen, osagaiak ahalik eta gutxien garraiatu eta desmuntatu ahal izateko.

AIMEN zentro teknologikoa buru duela eta Europako Batasunak Horizon 2020 ikerketa- eta berrikuntza-programaren bidez finantzatuta, 32 erakundek osatutako partzuergoa izan du ekimenak. Besteak beste, Danobat, Fagor Arrasate, Estampaciones Mayo eta Trimek euskal enpresak eta Alemania, Espainia, Eslovenia, Grezia, Herbehereak, Italia eta Txekiar Errepublikako beste enpresa, unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuk.

    KATEGORIAK