Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
Zentro teknologikoak presentzia nabarmena izango du makina-erremintaren nazioarteko azokan, erakusketarako gune eta hitzaldi programa propio baten bitartez.
Nabarmentzekoa da konpositezko piezak mekanizatzeko gaitasun paregabeak dituen zelula robotiko bat erakutsiko duela, langileek hauts toxikoen partikulekiko duten esposizioa minimizatzen duena.
BIEMH 2024 ekainaren 3tik 7ra ospatuko da BECen, eta IDEKO E15 standean egongo da, 1 pabiloian.
Makina-erremintaren Nazioarteko Bienalak (BIEMH) robotikako, automatizazioko eta digitalizazioko azken joerak erakusteko egingo duen apustuarekin bat egiten du IDEKO zentro teknologikoak, arlo horietan dituen soluzio berritzaileen erakusleiho propioarekin.
IDEKO azokako protagonista izango da beste behin ere, eta presentzia nabarmena izango du bere erakusketa gunearen bitartez. Hitzaldi programa propio bat ere edukiko du, hainbat konferentziatan parte hartuko duten ikertzaileen presentziarekin, Adimen Artifizialak fabrikazio-prozesuetan duen aplikazioaren arrakasta kasuak azalduz. Horrela, bere lau ikerketa-taldeen bidez garatutako gaitasunak eta irtenbideak erakutsiko ditu: Diseinua eta Doitasun Ingeniaritza, Fabrikazio Prozesuak, Dinamika eta Kontrola eta IKTak eta Automatizazioa.
Horrek guztiak agerian utziko du sektorearen jasangarritasuna bultzatzeko apustua egiten dela IDEKOn; ekoizpen prozesuetan hondakinak gutxitzen, makinako (akatsak eta matxurak) eta langileen (zarata) perturbazioak murrizten, bai eta makinen eraginkortasun energetikoa handitzen ere.
Zelula robotiko berritzailea
IDEKOren standeko erakusle nagusia zelula robotiko berritzaile bat izango da, karbono edo beira zuntza bezalako material konposatuak doitasun handiz mekanizatzeko gai dena, ikusmen artifizialeko sistema batek lagunduta. Txirbila xurgatzeko sistema bat ere badu, buruan integratua, prozesu horietan sortutako hauts toxikoaren %100 xurgatzen duena.
Gaitasun horiei esker, konpositezko piezak mekanizatzeko zelula malguagoa eta birkonfiguragarriagoa da; prozesu hori tradizionalki makina-erreminta konplexuagoekin egin ohi izan da eta.
Gainera, pieza mekanizatuen kalitatea bermatzeko, robotak bibrazioak etengabe monitorizatzeko eta kontrolatzeko sistema bat du, mekanizazioan sortutako bibrazioak neurtu eta aztertzen dituena; eta automatikoki lan-parametroak aldatzen ditu bibrazioak murriztu eta pieza ez kaltetzeko.
Gainazaleko markak, bibrazioak eta arrakasta kasuak AAn
IDEKOk BIEMH 2024an izango duen parte hartzea baliagarria izango da, halaber, mikrometro bat baino txikiagoak izan daitezkeen piezen gainazaleko markak diagnostikatzeko, karakterizatzeko eta konpontzeko dituen gaitasunak ezagutzera emateko, bai eta testurizazio prozesuetan daukan know how-a erakusteko ere; gainazalen kalitatea hobetzeko eta funtzionalitate bereziak dituzten marka topografikoak sortzeko, hala nola lubrifikazioa eta estakontasuna hobetuz eta marruskadura eta higadura murriztuz.
Era berean, zentro teknologikoak 3 metroko luzera duen mandrinatze barra bat erakutsiko du, moteltze aktiboko soluzio teknologiko berritzaile bat integratzen duena, egungo sistema komertzialek osagai lirain eta handiekin mekanizazio lanak egiten direnean bibrazioak ezabatzeko dituzten mugak konponduz.
Azkenik, ekainaren 4tik 6ra bitartean, goizeko ordutegian, IDEKOren standa ezagutzak zabaltzeko eta trukatzeko gune aproposa bihurtuko da, Adimen Artifizialak fabrikazio prozesu eta ekipoetan dituen arrakasta kasuak aurkeztuko baitira, aeronautikan eta trengintzan garatutako adibideak erakutsiz.
IDEKOren
soluzio eta garapen guztiak Bilbao Exhibition Centreko (BEC) 1 pabiloiko E15
standean bisitatu ahal izango dira, Basque Research and Technology Alliance
(BRTA) aliantzako kide diren gainerako zentroekin batera.
Dosier osoa deskargatu