Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
Iaz erregistratutako diru sarreren %54 sektore pribatuarekin egindako kontratuetatik etorri zen, eta gainerako %46a, berriz, ikerketa jarduera propioetan sortu zen.
Ekitaldia mugarri garrantzitsuekin itxi zen erakundearentzat; esaterako, Ekoizpen Ingeniaritzako Nazioarteko Akademiak (CIRP) Taylor domina eman zion Xavier Beudaert ikertzaileari.
Zentro teknologikoak 2020ko kontuak onartu zituen joan den maiatzaren 7an egindako Batzar Nagusian.
IDEKO fabrikazio aurreratuan espezializatutako zentro teknologikoak 9,6 milioi euroko sarrerak izan zituen 2020an, horietatik %54 enpresekin egindako kontratuetatik, aurreko ekitaldian baino %1 gehiago. Datu horiek erakundearen bezero zorroa finkatuta dagoela islatzen dute, eta industria sareari egindako transferentzia teknologikoaren ereduaren sendotasuna azpimarratzen dute, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko krisiak markatutako urte bereziki zail batean.
Zehazki, IDEKOk, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, 5,2 milioi euro fakturatu zituen enpresekin egindako I+G proiektuen bidez 2020an, eta gainerako 4,4 milioi euroak (guztizkoaren %46) ikerketa propioko jarduerei dagozkie. Joan den ekitaldian, gainera, tokiko, estatuko eta nazioarteko finantzaketa programen deialdietan izandako arrakasta tasa handia nabarmendu zen, eta hori erakundeak espezializazioaren alde egindako apustua berresten duen mugarria da.
Enpresekin egindako kontratuen atalean, zentro teknologikoaren negozio zifra, funtsean, sektore aeronautikotik, siderurgikotik, oil&gasetik, energia sortzetik eta makina erremintatik etorri zen.
Ikerketa propioko proiektuei dagokienez, zentroak guztira izandako sarreren %29 Eusko Jaurlaritzak sustatutako programetakoak izan ziren, %15 Europako bateko eta besteko erakundeek bultzatutako ekimenetan izan zuten jatorria, eta %2 Estatuko Administrazio Orokorrak eta Mondragon Korporazioak finantzatutako proiektuetan.
Zentro teknologikoak jarduera hori ekoizpen zientifikoa alde batera utzi gabe eta dibulgazio jarduerari eutsiz gauzatu zuen, indexatutako 32 argitalpenekin, horietatik 11 Q1 izan zirelarik.
IDEKOk iaz lortutako emaitzak zentro teknologikoaren Batzar Nagusian onartu ziren, maiatzaren 7an. Xabier Alzaga, IDEKOko lehendakariak zuzendu zuen bilkura, eta era mixtoan egin zen, aurrez-aurre eta bide telematikoa erabiliz egin zen, azken honetan streaming bidez igorritako bideokonferentzia baten bidez. Hitzordura zentroko lan bazkideak, bazkide erabiltzaileak eta bazkide laguntzaileak bildu ziren.
Batzarrean zehar, Alzagak adierazi zuen zentro teknologikoak 2020an lortutako emaitzak “bikainak” izan zirela, pandemiak eragindako egoera ezohikoa izan zen arren, eta eskerrak eman zizkien “IDEKO osatzen duten pertsona guztiei, behar aldakorretara egokitzeagatik eta enpresaren jarduerarekin jarraitzea lortzeagatik, bezeroei erantzun garrantzitsua emanez eta balioa erantsiz krisia gainditzen laguntzeko”.
Zentro teknologikoko zuzendari nagusi den Nerea Arangurenek adierazi zuenez, berriz, 2020. urtea “positiboa izan zen, bai ikerketaren ikuspegitik bai enpresei teknologia transferitzeko proiektuei dagokienez”, eta gehitu zuen joan den ekitaldian lortutako datuek “IDEKOk eraikitako transferentzia eredua eta bere bezero zorroaren egonkortasuna finkatzen dutela”.
Giza kapitalaren eta azpiegituren aldeko apustua
Pertsonen atalean, zentro teknologikoak 122 laguneko lantaldearekin itxi
zuen 2020ko ekitaldia, langileak eta prestakuntza jasotzen ari direnak kontuan
hartuta; horietatik %29 doktoreak. Horrenbestez, entitateko langileen
kopuruak pixka bat gora egin du 2019ko datuekin alderatuta.
Azpiegiturei dagokienez, 2020an IDEKOk inbertsioak egin zituen bere instalazioak egokitzeko, eta COVID-19ari aurre egiteko segurtasun protokoloak martxan jartzeko. Azpiegitura teknologikoetan, erakundeak Teleservice zerbitzua aktibatu zuen, laguntza teknikoa urrunetik emateko, eta irtenbide teknologikoak eskaini zituen ekoizpeneko ekipamenduak martxan jartzeko, interbentzio presentziala murriztu eta bezeroekiko harremanak urrunetik egitea errazteko.
Berrikuntzaren eta garapen berrien alderdiari dagokionez, IDEKOk material konposatuen esparruan ikertzen jarraitu zuen, eta zuntz lehorreko neurri handiko piezen fabrikazioaren automatizazioarekin lan egitearen alde egin zuen. Hori lortzeko, instalazio berriak egokitu zituen Bergaran, aeronautikaren sektoreko egiturazko piezak fabrikatzera bideratutako automatizazio prozesuaren erakusgailu batekin.
Urrats berriak espezializazioan eta nazioarteko errekonozimenduan
2020ko emaitzek, halaber, babesa ematen diote erakundeak industria arloan hasitako espezializazio teknologikoaren aldeko bideari. Zentro teknologikoak emaitza bikainak lortu zituen tokiko, estatuko eta nazioarteko deialdietan.
Joan den urtean, erakundeak, FAR proiektua amaitu zuen, helburu nagusia izanik teknologiak garatzea balio erantsi handiko produktuak sortzeko (makinak, osagaiak eta prozesuak), artezketa lanen aplikazio esparru desberdinetarako, besteak beste, aeronautika, autogintza, tren eta energia sorreraren sektoreek pieza estrategikoen inguruan dituzten eskakizun handiei erantzuteko.
"Ekimen horren esparruan lortutako garapenei esker, euskal enpresek ekonomiarako hain estrategikoak diren sektore horiek doitasun, produktibitate, moldagarritasun, fidagarritasun, osotasun eta egonkortasunean dituzten erronka berriei aurre egin ahal izango diete", Arangurenen esanetan.
FAR proiektuak Digital Grinding Innovation Hub-en funtzionamendu ona erakutsi zuen; IDEKOren instalazioetan dagoen bikaintasunezko ekipamendu bat da, eta Europar Batasunak sari batekin aitortu berri du, euskal enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalean egiten duen lanagatik.
Europaren esparruan, erakundeak lau proiektu berri lortu zituen, H2020 Programaren EIT-Manufacturing esparruan, zifra horrek adierazten du aurkeztutako proiektuetan %28,5eko arrakasta lortu dela.
Zentroak iaz bere zorrora gehitu zituen Europako proiektu berrien artean dago INTERQ, IDEKOk orain arte gidatu duen Europako proiekturik handiena, zeinak 11 herrialdetako 25 bazkide baititu, euskal enpresen partaidetza nabarmenarekin, horien artean egonik ITP, Gamesa Energy Transmisión, Danobat, Aeromec, Tekniker eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatea.
Ekimenak biki digitalen belaunaldi berri bat eraikitzea eta adimen artifizialeko sentsore eta algoritmoak erabiltzea aurreikusten du, aeronautika, energia eta automobilgintza sektore giltzarrien eraginkortasuna handitzeko.
Iaz, halaber, industria digitalizatzera zuzendutako hainbat proiektu amaitu ziren, irtenbide pertsonalizatuen garapena bultzatzeko makinak, prozesuak eta instalazioak digitalizatzeko eta automatizatzeko, IDEKO erreferentziazko eragile bihurtu baita eremu horretan.
Errekonozimenduen esparruan, Ekoizpen Ingeniaritzako Nazioarteko Akademiak (CIRP) Taylor domina eman zion Xavier Beudaert ikertzaileari, 35 urtetik beherako ikertzaileek zuzendutako lanei emandako nazioarteko ospe handieneko saria. Saria mugarri garrantzitsua izan zen IDEKOrentzat, estatuan dagoen zentro bateko ikertzaile batek errekonozimendu hori lortzen duen lehen aldia zelako, saria 1958an eratu zenetik.
Lankidetza estrategikoak
IDEKOk aktibo mantendu zuen 2020an bere aliantza eta lankidetza politika, bere espezializazio esparruetan aurrera egiten jarraitzeko.
IDEKOren aliatu nagusiak BRTA Aliantzan integratutako zentroak dira. Baina, gainera, azken urteotan, zentro teknologikoak aliantzak lortu ditu erakundeko lau ikerketa taldeentzat. Azkena, erakundeak Hagenbergeko (Austria) Software Constence Center zentroarekin sinatu berri duena IKTen eta automatizazioaren esparruan.
“Aliantza horiez gain, zentro teknologikoak akordioak izenpetzen ditu enpresekin, industriaren beharren eta IDEKOren ikerketa helburuen artean sinergiak bilatzeko, eta sustatzeko espezializazioa eta transferentzia teknologikoa, berrikuntzaren aldeko apustua, industriaren lehiakortasuna eta prestakuntza profesionala”, gehitu du Arangurenek.
IDEKOk sinatutako hitzarmenek, halaber, talentuaren eta giza kapitalaren arloa lantzen dute, enpresa onuradunek eremu horietan lehentasunezko informazioa eskuratzen dutelarik zentro teknologikoaren baitan prestatutako ikertzaileei buruz, horiek lehentasunez kontratatu ahal izateko. 2020an, sei enpresa berri batu ziren IDEKOko Enpresa Laguntzaileen sarera.
Dibertsifikazioaren eta aukera berdintasunaren aldeko apustua
Iazkoa IDEKOren balio teknologikoaren proposamena dibertsifikatzeko, merkatu aukera berriak aztertzeko eta enplegu kualifikatua sortzeko ekitaldia ere izan zen. Testuinguru horretan, zentro teknologikoak, Danobatrgroup industria taldearekin batera, Endity Solutions sortu zuen, ikuskapen ez-suntsitzaileko soluzioen garapenean espezializatutako enpresa berria.
Gainera, azken urteotan, IDEKOk aurrerapauso sendoak eman ditu berdintasunarekiko konpromisoan. Ildo horretan, 2019an, IDEKOk Berdintasun Plan bat diseinatzeari ekin zion, zentro teknologikoak arlo horretan egindako urrats guztiak bideratzeko, eta iazko ekitaldian osatu zen.