26/09/2024IDEKO-k metrologiako azken aurrerapenak aurkeztu ditu Erresuma Batuan 3DMC kongresuan
Loughborough Unibertsitatea izan zen neurketen zientziari eskainitako Europako foro nagusiaren bederatzigarren edizioaren egoitza.
Metrologia, neurketen zientzia bezala ezagutzen duguna, funtsezkoa da fabrikazio industrialean ekoizpen eta mantentze prozesu eraginkorrak garatzeko, eta osagaien neurketen zehaztasuna eta produktu amaituaren kalitatearen hobekuntza bermatzeko. Gainera, fabrikazio prozesuan integratuta, akatsak in situ identifikatzeko, ekipo produktiboen eraginkortasuna hobetzeko eta baliabideak optimizatzeko aukera ematen du.
3DMC kongresu europarrak, urtero industriara aplikatutako metrologia dimentsionaleko azken aurrerapen teknologikoak aurkezten dituenak, fabrikazio aurreratuaren sektorerako hitzordu garrantzitsua da.
IDEKO, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den zentro teknologikoa eta arlo honetan ezagutza zabala duena, bederatzigarren edizioan izan zen, irailaren 24tik 26ra Loughborough Unibertsitatean (Erresuma Batua).
Pablo Puerto, Diseinu eta Doitasun ingeniaritzako ikertzaileak, foroan aurkeztu zituen industria europarraren jasangarritasuna eta digitalizazioa bultzatzeko teknologia gakoetan egindako azken berrikuntzak, hala nola fotogrametria edo biki digitalak.
Alde batetik, IDEKO-k DYnamite proiektuaren esparruan Londresko UCL unibertsitatearekin lankidetzan egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman zuen, Erresuma Batuko Laboratorio Fisiko Nazionalak (NPL) zuzenduta.
Zehazki, ekimenaren barruan, fotogrametrian oinarritutako neurketa digitaleko irtenbide low cost, dinamiko eta azkar bat probatu da hainbat ekipo industrialetan eta benetako ingurunean, hala nola Montpellierren (Frantzia) Informatika, Robotika eta Mikroelektronika Laborategian. Irtenbide hau bolumen handiak dituzten fabriketarako da egokia, hala nola aeronautika edo automobilgintza sektoreetarako.
Simulazio teknologiak Bestalde, IDEKOko ikertzaile Pablo Puertok Teknikerreko aditu Ahmed Brahimekin batera parte hartu zuen aurkezpen tekniko batean, eta bertan VIDIT proiektuaren esparruan Finlandiako VTT zentroarekin batera egindako lana erakutsi zuten, Alemaniako Metrologia Institutu Nazionalak (PTB) zuzenduta.
Bi adituek ekimenean garatutako 3D eskaneatze robotikoaren sistema baten biki metrologiko digitala eta IDEKO-k sentsorea karakterizatzeko eta haren modelatze birtuala egiteko aplikatutako metodologia partekatu zituzten bertaratuekin.
VIDIT proiektua Europar Batasunak finantzatzen du eta metrologian esperimentu birtualen eta biki digitalen aplikazioaren fidagarritasuna eta konfiantza bermatzeko metodoak eta prozedurak lortzea du helburu, sistema fisikoak eta haien ezaugarriak ingurune birtual batean zehaztasunez erreplikatzen dituzten simulazio teknologiak.
3DMC-ri buruz 3DMC urtero ospatzen den kongresu europarra da, helburu industrial eta ikerketa helburuetarako 3D neurketa teknologien aplikazioan eta garapenean zentratua. Metrologiaren arloan nazioarteko elite zientifiko-teknologikoaren topagunea da.
Metrologia sistemetako ikertzaile eta azken erabiltzaileei zuzenduta, urtero hiru jardunaldi eskaintzen ditu zientzia honetako gai berritzaileenak eztabaidatzeko eta sektoreko eragile nagusien artean sinergiak ezartzeko.
Antolaketa batzordeak ikerketa zientifiko-teknologikoko eragile nabarmenak ditu, hala nola National Physical Laboratory (NPL), University College London (UCL) eta RWTH Aachen University.
Zortzigarren edizioa IDEKO eta Tekniker zentro teknologikoek antolatu zuten.