ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Fidagarritasun maila handiko fabrikazio sistema berriak aeronautikaren sektorerako

Fidagarritasun maila handiko fabrikazio sistema berriak aeronautikaren sektorerako

Aeronautikaren sektorea fabrikazio sistema berriak bilatze lanetan ari da bete-betean, bizitza ziklo luzeagoa duten osagaiak egin ahal izateko, segurtasuna arriskuan jarri gabe. Testuinguru horretan, IK4-IDEKO, fabrikazio aurreratuan espezializatutako zentro teknologikoa, ikerketa proiektu batean parte hartzen ari da hegazkinen funtzionamenduan funtsezkoak diren biraketa piezak fabrikatzeko soluzio berriak diseinatzeko.

Desafio II ekimenak, zeina Espainiako Gobernuaren “Retos de Colaboracion” programaren bidez finantzatzen den, gainazalaren osotasunari lotuta baldintza zorrotzak eskatzen dituzten piezak sortzeko fidagarritasun handiko prozesu berriak proposatzen ditu nagusiki, bai eta prozesu horiek produktuetan aplikatzea ere, esaterako turbina ardatzetan.

Airbusen eta Boeingen aireontzien azken diseinuetan inspiratuta, gas turbinen hornitzaile batzuek, esaterako, Rolls Roycek, General Electricek edo Pratt & Whitneyek beraien negozio eredua berregituratu dute eta gailuak eta ordezko piezak saltzeari utzi diote, produktu horiek operatibo egongo diren hegaldi orduak saltzen hasteko.

Eszenatoki berrian garrantzi berezia hartzen dute bai aireontzi baten motorrak mantentze lanik gabe funtzionamenduan egon daitekeen denborak, bai turbina baten bizitza ziklo maximoak. Izan ere, denbora horiek mugatuak dira, osagai kritikoek ere, hau da, gailuan kalte larriak eragin ditzaketen osagaiek ere iraupena mugatua dutelako.

Errealitate horren ondorioz beharrezkoa da bizitza luzeeneko piezen fidagarritasun bermatuko duten fabrikazio aurreratuko sistemak ikertzea.

Segurtasuna, funtsezko betekizuna

Presio txikiko turbinen kasuan, diskoak dira osagairik kritikoenak. Horietan ohikoa da akatsak izatea gainazalean, mekanizazio prozesuan zehar gertatuta. Esaterako, kalte metalurgikoak, hondar tentsioak edo zimurtasunak izan ohi dituzte.

Segurtasuna da aeronautikako osagaien fabrikazioan betekizun nagusia; beraz, ezinbestekoa da estandarrak mantentzea diskoen bizitza muturrera daramatzan paradigma berri honen barruan.

Desafio II proiektuaren helburua da piezen gainazalaren egoera hobetzea, akatsak aurrez iragartzen dituzten ekoizpen prozesuak erabiliz.

Gainera, ekimenaren asmoa da monitorizazioa saiakuntza ez suntsitzaile gisa erabiltzea, osagaiaren gainazalaren osotasuna ebaluatu ahal izateko eta bere bizitza baliagarria luzatu.

Bere asmoa da, baita ere, prozesuko leihoa zabaltzea eta, horrela, produktibitatea areagotzea kalitate eskakizunei eutsita, eta instalazio, makina eta elementu berriak garatzea ekoizpen kostuak murrizteko eta kostu, epe eta kalitateari dagokienez bezeroak dituen premiei erantzuteko.

Helburuak lortzeko, Desafio II proiektuak turbina diskoen eskulangintzaren balio katea osatzen duten eragile guztien laguntza du. Hau da. diskoen fabrikatzaileen, ebaketa erreminten eta ekipamenduen fabrikatzaileen eta teknologia erakundeen laguntza du.

ITP, Danobat, , Ekin eta GMTK enpresek osatzen dute ekimenaren partzuergoa, eta beraiekin lankidetzan ari dira IK4-IDEKO, UPV/EHU, eta MGEP-Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa.

Zehazki, IK4-IDEKOk eta Danobatek fabrikazio sistemen gainean eta makinen portaeraren gainean duten ezagutzari esker artezketa prozesura zabaldu ahal izango da ikerketa, diskoen eta ardatzen fabrikazio katearen barruan soluzio gako batekin.

Apirilaren 15ean proiektuko kideak elkartu egin ziren ekimenaren jardute eremu guztiak aztertzeko, esaterako hauek: instalazioen eta makinaren diseinua; mekanizazio prozesuen berringeniaritza; kalitatea ziurtatzeko monitorizazio metodologien ezarpena; eta emaitzen integrazioa.

KATEGORIAK