ESKATU INFORMAZIOA

 
BERRIAK

Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak

Fersa eta IDEKOk bat egin dute akatsik gabeko fabrikazioa bultzatzeko

Fersa eta IDEKOk bat egin dute akatsik gabeko fabrikazioa bultzatzeko
  • Europako errodamendu-fabrikatzaileak eta zentro teknologikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute digitalizazioaren arloko soluzio berritzaileak garatzeko.
  • Gailu aurreratuen integrazioaren bidez, makina, prozesu eta produktuko informazio kritikoa aterako da, eta Adimen Artifiziala bezalako teknologiekin fabrikazioaren etorkizunerantz bidea zabalduko da.

Fersa, automozioa edo eolikoa bezalako sektoreetarako errodamenduak fabrikatzen dituen Europako enpresa erreferentea, eta IDEKO zentro teknologikoa elkarlanean arituko dira akatsik gabeko fabrikazioa bultzatzeko, digitalizazio-teknologia berrien garapen eta ezarpenaren bidez.

Bi erakundeen arteko aliantza Fersaren produkzio-prozesu eta lerroak digitalizatzean oinarritzen da, Edge computing gailuak, neurketa-sentsoreak, ikuskapen ez suntsitzaileko (NDT) ekipamenduak, datuen analisiaren soluzio berritzaileak eta produktuaren kalitatearen eta makinen errendimenduaren aurresateko ereduak integratuz.

"Fersako fabrikazio-prozesuetatik, bereziki artezketatik, informazio esanguratsua ateratzea da helburua, kalitate eta produktibitatearen ikuspegitik produkzio optimoa lortzeko bidean aurrera egiteko", adierazi du Harkaitz Urretak, IDEKOko Merkatuko Zuzendariak.

IDEKOk fabrikazio aurreratuaren eta artezketa-prozesuen arloko ezagutza zabala duenez, lankidetzak prozesuaren gaineko ezagutza teknikoa areagotzea ere bilatuko du. Horretarako, material, erreminta, ebaketa-jariakin edo makina-elementu berrietan ikerketa egingo da, Fersaren beharretara egokitutako soluzioak garatzeko. Helburu nagusia: fabrikazio-prozesuak hobetzea produkzio-lerroen kontrol eta automatizazioaren bidez.

Makina, prozesu eta produktuei buruz fabrikazio-lerroetan lortutako informazioaz baliatuz, Adimen Artifiziala (AA) eta analitika aurreratua erabiliko dira produkzio-prozesuen kontrola hobetzeko. Garatuko den monitorizazio-sistemak prozesuaren "aztarna digitala" identifikatzeko eta aurreikuspeneko algoritmoak sortzeko gai izango dira.

2025eko martxoaren 25ean IDEKOren instalazioetan sinatu zen hitzarmena, bi erakundeen arteko lankidetza sendotu eta industria-sarerako teknologia-transferentziarekiko konpromisoa areagotzen du. Akordio honen baitan, IDEKOk Fersari aholkularitza tekniko jarraitua eskainiko dio, espezializazio maila handiko aditu talde baten bidez. Sinadura-ekitaldian Fernando Cebrián (Fersako Global Operations Zuzendaria) eta Harkaitz Urreta (IDEKOko Merkatuko Zuzendaria) izan ziren.

"IDEKOrekin dugun aliantza pauso erabakigarria da Fersarentzat, fabrikazio adimendun, jasangarri eta akatsik gabekoaren alde egiten dugun apustuan. Bere gaitasun teknologikoa eta gure ezagutza industriala uztartuta, gure ekoizpenaren kalitatea, eraginkortasuna eta trazabilitatea optimizatuko ditugu, etorkizuneko industriaren erronkei aurre egiteko," adierazi du Fernando Cebriánek.

I+G proiektuak

Hitzarmen honekin, Fersak eta IDEKOk bost urte baino gehiagoko lankidetza sendotu dute, eta hainbat I+G proiektutan elkarrekin lan egin dute maila nazional eta europarrean. Horietako bat da DAT4.ZERO, H2020 programak finantzatua, 2020 eta 2023 artean fabrikazio akatsik gaberako digitalizazio-teknologia berriak garatu zituena.

Bestetik, FAUSTO proiektua, CDTIren Transmisiones programaren bidez finantzatua eta aurten abian jarritakoa, beste agertoki bat da, non elkarrekin ari diren lanean IA aurreratua (Deep Learning, Edge Computing...) aplikatuz fabrika autonomo, seguru eta jasangarriak lortzeko.

Bi erakundeek FERSA SPACE proiektuan ere parte hartzen dute, Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatua eta Espainiako Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak bideratua. Proiektu hau "Programa Espazio de Datos Sectoriales" deialdiaren barruan dago, eta industrian datu-espazioen ustiapena du helburu, informazio trukearen bidez soluzio, zerbitzu eta negozio-eredu berriak sortzeko aukera ematen duen erabilera-kasu baten bidez.

    KATEGORIAK