Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
Europako funtsekin finantzatutako sei ikerketa-ekimen aukeratu ditu CORDISek, eta IDEKO zentro teknologikoak parte hartu duen hiru proiekturen emaitzak nabarmendu dira.
IDEKO teknologia-zentroak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, presentzia nabarmena du CORDISek argitaratutako Results Pack on Green Manufacturing izeneko dokumentuan. Europako Batzordeak aukeratutako bilduma honetan, manufaktura aurreratuaren esparruan emaitza arrakastatsuak lortu dituzten ikerketa-proiektuak azpimarratzen dira.
Paketeak Europar Batasunak finantzatutako I+G proiektu eraldatzaileak biltzen ditu, manufaktura sektorean Itun Berdearen hiru zutabe nagusiei erantzuna emateko: hondakinen murrizketa, energiaren erabilera optimizatzea eta produktuen kalitatea hobetzea.
Aukeratutako sei ekimenetatik, guztira hiruk (LEVEL-UP, INTERQ, eta DAT4.ZERO) IDEKOren partaidetza izan dute, eta horrek erakusten du zentroak fabrikazio adimendun eta jasangarriago batera igarotzeko duen lidergoa eta garrantzia.
Proiektu bakoitzak azken teknologien abantaila aprobetxatzen du, hala nola Adimen Artifiziala (IA), Gauzen Internet (IoT) eta sentsore aurreratuak, fabrikazio jasangarriagoa lortzeko.
LEVEL-UP proiektuaren kasuan, lortutako garapenek industria-makineriaren bizitza erabilgarria luzatzen dute, ekonomia zirkularraren praktikak bultzatuz aeronautika, automozioa eta makina-erremintaren fabrikazio sektoreetan.
DAT4.ZERO proiektuaren soluzioa plataforma digital batean datza, zero akatseko fabrikazioa bermatzen duena arazoak goiz detektatuz eta prozesuak denbora errealean doituz, fabrikatutako piezen kalitatea ziurtatzeko.
INTERQ proiektuak, berriz, kalitatea eta
eraginkortasuna hobetzea izan du helburu industria-fabrikazioan, IAn
oinarritutako metodoak garatuz.
“Aipamen hau merezitako aitorpena da IDEKOren ikerketa-taldeek proiektu hauetan egin duten lanagatik. Manufaktura industria iraunkorrago eta erresilienteago batean eraldatzeko berrikuntzak duen ahalmena erakusten du,” azpimarratu du Juanan Arrieta IDEKOko Nazioarteko I+G Proiektuen arduradunak eta Europako Batzordearen finantzatutako Zero Akatseko Fabrikazio Proiektuen 4ZDM Klusterraren Sustatzaileak.