Hemen aurki ditzakezu IDEKOri buruzko azken berriak
IDEKOk, BCAMek, UPV/EHUko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak (CFAA) eta IMH Campusek bat egin dute elkarlaneko gune hori sortzeko, ekoizpen inguruneetan digitalizazioa bizkortu nahian.
Aliantza sortu berria CFAAen instalazioetan kokatuta dago, Zamudioko teknologia parkean, eta fabrikazioari aplikatutako Adimen Artifizialeko irtenbideak garatuko ditu.
Ekoizpen inguruneen digitalizazioa bizkortzeko xedearekin, IDEKO BRTAko kide den zentro teknologikoak, UPV/EHUko CFAA Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentro mistoak, IMH Campus prestakuntza aurreratuko zentroak eta BCAM matematika aplikatuko EAEko zentroak gaitasunak batu dituzte AIMS (Artificial Intelligence Manufacturing for Sustainability) ikasgela sortzeko; industria fabrikazioaren sektorean adimen artifizialeko (AA) irtenbideak aplika daitezen bultzatzea xede duen elkarlaneko ingurunea, alegia.
Unitate berri hori CFAAren instalazioetan kokatuta dago, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea Zamudion, eta erronka nagusitzat izango du teknologia digitalak ekoizpen sistemetan ezarri daitezen sustatzea, horietan esku hartzen duten eragileen arteko lankidetzaren bitartez.
Martxo honetan zehar proiektuaren egoitza fisikoa amaitu da, CFAAren 0 solairuan kokatuta. Zentro horrek punta-puntako ekipamenduaz hornituta dago; hamalau makina erreminta, fabrikazio gehigarriko sistemak edo metrologia aplikazioak, besteak beste. Horri gehitu behar zaio makinak datu sare oso aurreratu bati lotuta egotea.
AIMS Ikasgela aukera handi bat da EAEko fabrikazio sektorean adimen artifizialaren aplikazioan aurrera egiteko; horrek aukera emango baitigu teknologian eta berrikuntzan funtsezko jauzi kualitatiboa egiteko.
Aliantza horren barruan, CFAAk aeronautika sektorera zuzendutako fabrikazio aurrerapenean duen eskarmentua eskainiko du, eta BCAMek, berriz, ekimenaren alderdi zientifikoenean lan egingo du, betiere matematikaren azken aurrerapenak herrialdeko ekoizpen sektoreetan lagundu eta aplikatu nahian.
Industria fabrikazioan Adimen
Artifiziala bultzatzeaz gain, AIMS Ikasgelak epe ertaineko erronka gisa du
industria fabrikazioaren sektoreek eskatzen duten berrikuntza sortzeko gauza
diren profesionalak prestatzea eta ingurune horien errealitatea etorkizuneko
ikertzaileengana gerturatzea.
Ildo horretatik, IDEKOk langile espezializatuak jarriko ditu, makina erremintaren sektorearen eta adimen artifizialeko teknologien gainean duen jakintza gune berri horren zerbitzura jartzeko. Guneak Elgoibarko teknologia gunearen azpiegoitza gisa jardungo du.
Bestalde, IMH Campusen, UPV/EHUri atxikitako zentroa, fabrikazio aurreratuko espezialistak prestatzen dira, etorkizuneko industrian gehien eskatutako trebetasun eta gaitasunekin, lanbide heziketaren, unibertsitate prestakuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren bidez. Emakume eta gizon horiek gaitasun teknikoak eta giza gaitasunak garatzen dituzte, eta beren talentua benetako proiektuetara bideratzen dute IMH Campusekin elkarlanean aritzen diren enpresa sare zabalaren barruan: aurrerapena errealitate bihurtzen duen konexio sarea. IMH Campus Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agentea da, baita AFM klusterreko kidea ere.
Ez dugu ahaztu behar Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa UPV/EHUn dagoela, eta aliantzara, fabrikazioaren arloko izen handiko ikertzaileak ez ezik, jakintzaren beste zenbait alorretakoak ere gehitzen ditu; telekomunikazioetakoak eta informatikoak, besteak beste. Gainera, kontratazio fasean dauden zenbait doktorek bat egingo dute laster, Europako COFUND Adagio programaren barruan.
AIMS aliantzak zenbait diziplina teknologikotako talentua gune berean uztartu eta osatu nahi du, eta funtsezkoa izango da digitalizazioa bizkortzeko, bai eta EAEko industriaren ekoizpen sistemetara funtzio berriak gehitzeko prozesua azkarrago egiteko ere. Hori lortzeko, funtsezko osagai bat da profesional motibatu eta ilusionatu berriak prestatzea, egin beharreko bidearen gaineko ikuspegi bera dutenak, eta gizarte eta industriarekin dugun konpromisoari erantzuten diogu horrela.
Erronka oso handia da: adimen artifizialeko eta digitalizazioko azken teknologiak fabrikazio aurreratuko inguruneetara eramatea. Baina aliantza horretako kideek, zalantzarik gabe, jakintza, bitartekoak eta ikertzailerik onenak dituzte, eta dauden tokian enpresa asko aritzen dira I+Gko proiektuetan elkarlanean. Eskura dago arrakasta.