Memoria honetan aurkezten den ikerketa-lanaren helburua izan da presurizatutako gidari lubrifikatuen ezagutzan aurrera egitea, izan hidroestatikoak, hidrodinamikoak zein hibridoak. Ohiko fluidoekin zein fluido magnetikoekin egin da lana, eta bi kasuetan lortu da prestazioak hobetzea ohiko soluzio pasiboekin alderatuz; erantzun aktibo aurreratu bat ere lortu da.
Ohiko olio mineraletan oinarritutako lubrifikazioaren, hots,
fluido Newtondarren, garapenean kalkulu-erreminta bat egin da kojinete
erradial, axial eta gidatu-linealen portaera aurreikusteko; hori guztia
makina-erreminten diseinu-fasean erabiltzera bideratuta. Ereduak
saiakuntza-banku berri baten bitartez balioztatu dira, bertan aztertuz kojinete
erradialen prototipoak. Saiakera-banku berriak balio izan du gainerako
sistemarekiko aztertu beharreko kojinete erradialaren portaera isolatzeko.
Efektu horrek bere ezaugarritzea mugatzen du saiakera klasikoetan. Ohiko fluido
bidezko lubrifikazio-soluzioekin amaitzeko, moldatze-balbula bat garatu da
diafragma malguetan oinarrituz; eta bestalde, lubrifikazio autokonpentsatuko
soluzio bat gidariaren beraren barne-konduktuetan oinarrituta. Garapen horiek
teorikoak izan dira, fluidodinamikako ereduetan oinarrituz, eta baita
esperimentalak ere, bere saiakera-bankuekin.
Memoria honetan aurkeztutako hurrengo ikerketa-multzo handiaren gaia honakoa
da: fluido magnetikoen erabilera lubrifikazio aktibo bat eskuratzeko. Fluido
magnetoreologikoekin eta ferrofluidoekin egin da lana, non bere konposizioari
buruzko oinarrizko ezagutza lortzeko sintesi jarduera baten ondotik sakoneko
karakterizazio esperimental bat egin den bi fluido komertzialekin; ikerketan
zehar erabili diren bi fluidoak. Eredu teoriko bat garatu da bere
saiakera-bankuak lagunduta kojinete erradialen ikerketarako, bai
hidrodinamikoak zein hidroestatikoak. Azken horietarako, balbula
magnetoreologikoak ere garatu dira, elikatze-energiaren emaria kontrolatzeko.
Ikerketa honetan egiaztatu da linealtasunaren hobekuntza lubrifikazio
hidrodinamikoan, eta baita zurruntasun infinitoa ere balbula magnetoreologikoak
begizta itxiak kontrolaturik daudela. Azkenik estankotasun-juntura bat garatu
da fluido magnetikoetan oinarrituz, non ferrofluidoek frogatu duten doitasuneko
makina-erreminten buruen eskakizunekin bat datorren portaera dutela.