Manufakturaren industri sektorea da munduko jarduera ekonomikoari ekarpen handienetakoa egiten dion sektoreetako bat. Sektorean sartuta dauden enpresek aurre egin behar diete gaur egungo merkatuaren eskari gero eta aldakorrago eta zorrotzagoei, prezioan, kalitatean eta zerbitzu mailan gero eta lehiakorragoak diren produktuekin aurre egin ere. Egoera horren aurrean, enpresetako ekoizpen sistemek egokituta egon behar dute, bezeroen eskariei ahalik eta trebeen, azkarren eta kosturik txikienarekin erantzun ahal izateko.
Value Stream Mapping (VSM) delakoa teknika bat da. Ekoizpen egokitu deritzonaren ereduaren babespean garatu da, manufaktura enpresei beren ekoizpen inguruneak berriro diseinatzen laguntzeko xedez. Garapen teorikoaren eta praktikoaren maila handia bada ere, ez dago zientziaren eremuan zabaldu den analisirik, serieko ekoizpen inguruneetan ezartzeko duen benetako ahalmena sakon esploratzen duenik. Hala, bada, VSM teknikaren benetako aplikagarritasuna aztertzea izan da ikerketa honen asmo nagusia.
Kasuen ikerketa aniztunean oinarritu da ikerketaren metodologia. Zehazki, VSM teknika serieko ekoizpena egiten duten hainbat manufaktura enpresetan ezartzeko prozesua aztertu da.
Ikerketaren ondorioek adierazten dutenez, VSM teknika erabilgarria eta ezargarria da, bai fabrikazio instalazioetan askotariko arazo logistikoei aurre egiteko, bai askotariko inguruneetako ekoizpen sistemak berriro diseinatzeko. Hala ere, VSM teknika egokitzeko eta hobetzeko premia ikusi da analisian, teknikaren beraren eginkizuna optimizatzeari begira; batez ere, alderdi hauei dagokienez: ekoizpen egokituaren ereduarekin zuzenean lotuta ez dauden kontzeptuak hartzea eta aplikazio praktikoak errazteko baliabideak eta tresnak integratzea.