Artikulu honek metodo berritzailea aurkezten du, infeed sistema duten artezte prozesuak hobetzeko; metodo hori aitzinamendu abiadura etengabea eta aldakorra (CVFR) ezartzean oinarritzen dira. Gaur egun, infeed zikloa konfiguratzeko aitzinamendu abiadura etengabeak eta material erauztea hautatzen dira segidako fase bakoitzerako (normalean, arbastatzea, akabera eta amaierako distira); helburua izango da lortu nahi diren perdoiak lortzea ezarritako denbora batean, era berean, prozesuaren mugak edo ezegonkortasunak saihestea. CVFR sistemak ziklo eraginkorragoak ditu, aitzinamendu abiadurak eta material erauztearen balioak zehazteko zailtasunik gabe.
Horretarako, lehenik, infeed sistema zuten artezte prozesuen denbora eremuaren simulazio batean ezarri zen CVFR sistema; helburua zen teorikoki aztertzea aldakuntza parametroen eragina prozesuaren indarretan, piezaren zimurtasunean, biribiltasunaren eta neurriaren perdoian edo portaera dinamikoan. Ondoren, probak egin ziren simulazioaren ikuspegia balioztatzeko, CVFR zikloak eta ohiko ziklo baliokideak parekatuz. Beheranzko aldakuntza mota desberdinak ezarri dira aitzinamendu abiadurarentzat, eta ondorioztatu da artezte prozesuak hobetu egin daitezkeela metodo honekin, produktibitateari eta perdoi geometrikoei nahiz laneko piezaren gainazalaren perdoiei dagokienez.